Elkarrekin eta elkarri lagunduz beste urte berri bat

Elkarrekin eta elkarri lagunduz beste urte berri bat

Ikasturte honetako goiburuak hitz garrantzitsu baten aurrean jartzen gaitu: TRANSZENDENTZIA; izan ere, harantzago begiratzeak horixe esan nahi du: jada ezagutzen eta menperatzen duguna uztea eta beste toki, ezagutza edo esperientzia bat bilatzea. Hitz horretan arakatuko dugu apur bat, eta bizi eta aztertzen dugun guztiarekin lotzen saiatuko gara.
Transzendentziaren esanahi batzuk.

Egun hauetan, Javier Fernández agertu da komunikabideetan; urrezko domina lortu du izotz gaineko patinajean, eta ahozabalik gelditzen gara haren itzulipurdiak, biraketak, jauziak eta akrobaziak ikusten ditugunean. Baina pentsatzen al dugu hasierako horrelako kasuetan? Zenbat ubeldu izango zituen haur horrek hanketan eta gorputzeko beste zati batzuetan? Horrek ez zuen garrantzirik, hobetu egin behar zuen: “Bihar axel bat entseatuko dut, etzi kiribil bat… perfektua izan arte. Horixe da, bada, norberaren burua transzenditzea, egoera batetik perfekzio handiagoko beste egoera batera igarotzea.

Eta zer pentsatu behar dugu oso oldarkorra delako akats asko egiten dituen ikasle horretaz, egun batean bere egoeraz jabetzen bada eta irakasleari horrelako zerbait esaten badio: “Andereño, oldarkortasunez jokatzen dudanean ariketa asko gaizki egiten ditudala jabetu naiz”? Irakasleak honela erantzuten dio: “Beraz, hemendik aurrera pentsatu egingo duzu zerbait egin aurretik”. Ikasleak bere oldarkortasuna zuzenduko du poliki-poliki, eta asko hobetuko du. Horixe da geure burua transzenditzea. Buruaren funtzionamendu jakin batetik beste funtzionamendu zehatz eta aberatsago batera igarotzea.

Goiburuaren marrazkiari begiratzen badiogu, sustraiak ikusiko ditugu, eta egunaren argitara irteten den landarea. Imajina dezagun hazi ñimiño batekin hasi zela guztia, eta, prozesu natural baten ondorioz, haziak bere egoera aldatu zuela eta ernatu egin zela, landare bihurtzeko eta fruitu berriak emateko. Bere burua transzenditu zuen, baina gertatzen ari zenaz kontzientzia izan gabe. Transzendentziarik egon daiteke ezagutzarik gabe? Galdera zaila.

Transzendentziarekin lotutako hiru egoera ditugu: kirolariaren transzendentzia fisikoa, ikaslearen transzendentzia kognitiboa eta haziaren transzendentzia naturala. Baina gehiago ere egongo dira.
Hona transzendentziaren beste bi esanahi.

Pentsa dezagun orain seme-alabak zaintzen dituzten gurasoengan; lan asko egiten dute, ordutegi estua dute, haurren bila joaten dira eskolara edo saskibaloiko, futboleko edo judoko entrenamenduak bukatzen dituztenean. Guztia oso antolatuta dute, eta ezin dute akatsik egin. Baina, egun batean, gogoeta egiteko aukera izan dute, seme-alabek kanpaldia dutela aprobetxatuz, eta hori guztia zergatik egiten duten galdetu diote beren buruari, zergatik hainbeste lan, hainbeste ardura eta kezka. Eurek erantzun diote galderari: maite ditugulako egiten dugu, hezkuntza-misioa dugu, gure guraso-zeregina atseginez onartzen dugu, eta zoriontsu gara zeregin hori betez. Une horretan, transzendentzia gertatu da, pentsatu gabe egiten dena gainditzen da, eta zentzua ematen diete eguneroko zereginei; bizitzaren planoa gainditzen da, eta plano etikora, zentzuaren planora, egiten dugu jauzi.

Zoragarria benetan! Baina beste zerbait ere badagoela uste dut. Ikus dezagun:

Bikote horrek berak haurrak zirenetik garatu zuten fedea bizirik mantentzeko aukera aurkitu du: familian ere fede horri eusten saiatu dira, eta kristau-bizitzako talde baten babesa dute, beren esperientziak kontatzen dituzte, askariren bat egiten dute eta elkarrekin egiten dute otoitz. Seme-alabei, lanari, bizitzari eta abarri buruzko gogoetak egiten dituzte, eta otoitz bihurtzen da hori guztia; aita edo ama izateak duen zentzu espirituala partekatzen dute, euren kristau-bizitzaren oinarri den Jainkoaren aitatasunaren parekoa baita. Beste transzendentzia bat ikus daiteke hor, espirituala, teologikoa, plano naturala gainditzen baitu Jainkoarengana iristeko, bizitza osatzen eta betetzen duen beste bizitza horren kausa eta jatorri den Jainkoarengana iristeko, hain zuzen.

Transzendentziak baldintzak jartzen ditu.

Transzendentziaren hainbat esanahi jaso ditugu. Baina transzendentzia gertatzeko beharrezkoak diren beste bi baldintza adierazi nahiko nituzke:

Transzenditzeko edo gure burua transzenditzeko behar den lehenengo gauza ezagutza da: harantzago dagoen hori ezagutzea, eta hara jotzen edo igotzen (trans-scendere) ahalegintzea. Ezagutza ez da ezagutu behar dugun objektuan gelditzen (patinajea, hazkuntza…), baizik eta horiek ezagutzeko moduan, esperientziatik harantzago dagoen modu horretan. Pertsona askok esan diezagukete izotz gainean nola irristatu, horietako inork esperientzia hori izan ez arren; baina ezagutza hori beharrezkoa da patinatzeko esperientzia izaten saiatzeko.

Honako hau esan izan zaigu beti: “Nihil volitum nisi cognitum”; hau da, ezin dugula ezer desiratu lehenago ezagutzen ez badugu. Gaur egun, modan dago arlo erlijiosoa baztertzea, erlijioarekin lotutako zerbait agertzen bada telebista itzaltzea edo katea aldatzea, diskurtso politiko laikoa edo laizista izatea. Eta uste dut horrela arnasten dutenek ezjakintasun teologikoa agerian uzten dutela edo erlijioarekin izan duten esperientzia negatiboren bat adierazten dutela. Haurtzaroan edo nerabezaroan izandako fede-hezkuntzako prozesuak ez zaizkie baliagarriak izan Jainkoaren esperientzian sartzeko oinarri gisa.

Transzenditzeko bigarren baldintza lantzen ari garen gaiaren inguruko esperientziaren bat bizi izatea da: kirolean hobetzeko nahia, eskolan, etxeko harremanean… Ezagutzeko ez da nahikoa esperientzia izatea, baina funtsezkoa da esperientzia hori izatea, ondoren errealitatearen ulermen zabalagoa eta sakonagoa lortzeko. Eta jakintzaren edozein esparrutarako balio du horrek. Adibidez: izan al dezake ikasle batek esperientzia matematiko bat? Irakasleak ikaskuntza horri ematen dion zentzuaren arabera dago hori; eragiketak jakiteaz eta problemak ebazteaz gain, matematika errealitatea ikusteko modu bat dela ikusarazten bada, neurria, harmonia, antolamendua, erlazioak etab. kontuan hartzen dituena… zentzu hori izango da irakasleak komunikatuko duena eta ikaslearengan dardara eragingo duena. Eta gauza bera gertatuko da gainerako zientzietan ere.

Ikasgaiei zentzua bilatzeko nahi horrek ikasgaien edukitik harantzago eramaten gaitu, esanahiarekin topo egiteko, eta esanahi hori da pertsonaren barnean txertatzen dena, ikasitakoa bere bizitzako egoera guztietara transferitzeko aukera emango diona. Ikasle batentzat, ikasten igaro dituen urteetan, aberastasun-iturri izan badira ikasgaiak (matematika, literatura, zientzia, kirola), azterketarako ikaste hutsa baino gehiago izan badira, gauzetatik goragoko dimentsioetara transzenditzeko gaitasuna eman diogu ikasle horri, eta transzendentzia erlijiosotik hurbil daude dimentsio horiek.

Transzendentzia erlijiosoak esperientzia eta ezagutza hartzen ditu barnean. Erlijioko eskolak lehen aipatu ditugun esanahien paraleloak dira, baina modu berezian lantzen dira. Haurrak eta gazteak Hitzera hurbiltzen ditugu, egiantzik gabeko kontakizunak irakurtzen ditugu, eta kontakizun horien egiazkotasunari buruzko zalantza sortu beharko litzateke. Horra hor ikasleek beren buruari galderak egiteko aukera bikaina: posible al da? Zer esan nahi du? Eta ezinezkoa bada, zer esan nahi du? Funtsezkoa da bide horretatik sinbolismo erlijiosora iristea, bestela muntaia guztia gainera etorriko zaigu eta.

Transzenditzea, beraz, edukietatik, testuetatik, kanpotik datozkigun adierazpenetatik harantzago joatea da, zentzu erlijiosoarekin eta espiritualarekin topo egiteko, ikasten denaren materialtasunaren bidez Jainkoa ukitzeko. Transzendentzia erlijiosoa, beraz, esperientziatik eta ezagutzatik abiatuta Jainkoarengana hurbiltzea da.

egin klik aurkezpena ikusteko.