"Ipar Poloa"

Hotza, euria, haizea… hilabete bada neguan sartu ginenetik eta gure txikienak ere konturatzen hasiak dira horretaz. Honela, neguaren gaia aintzat harturik tailer berezi bat egin genuen aurreko azteazkenean, hilaren 21ean.

Ekintzaren oinarria, “Ipar Poloa” izan zen eta honela txokoz-txokoz ibili ziren gure umeak gauza desberdinak esperimentatzen. Hasiera batean, ipar poloko bi lagun eskimal ezagutu genituen eta zeramatzaten erropak aztertu eta gero, beraiekin bizi ziren hiru laguntxo aurkeztu zizkiguten: hartz polarra, foka eta pinguinoa. Antzezlari onak direla ziurtatzeko eta gorputzaren mugimendua lantzeko, animalia hauen mugimenduak imitatzen ibili ginen denbora tarte batean. Gero, gure eskimalek etxe baten beharra ere bazutela konturatu ginen eta etxe guztiak berdinak ez direnez, “iglua” izeneko etxe zuri politta eraiki genien material desberdinak erabiliz eta gure alderdi artistikoa erakutsiz. Amaitzeko, denbora tarte batean zientzialari txikiak bihurtu ginen eta izotza gure eskuetan nola urtzen den sentitu genuen… argi dago beroak kalte handia egiten diola!!

Ahhh!! Orain elementu horiek guztiak erabiliz, gure sarrera polit-polita apaindu dugu, aitatxok eta amatxok gure lanez ere disfruta dezaten!!!!