PROIEKTUAK HAUR HEZKUNTZAN!

Bigarren hiruhileko honi amaiera ematen ari garen honetan, Haur Hezkuntzako etapan pisu handia hartu duen ekintza baten berri eman nahi dizuegu oraingoan.
Gabonetatik bueltan, Ihauterietako gaia oinarritzat harturik, proiektu berri bati hasiera eman genion, maila bakoitzak bere berezitasunak zituela, baina gai orokorra berdina zelarik denontzat: ANIMALIA BASATIAK.

Honela, 2 urtekoek “Lehoi baten bila noa!”, 3 urtekoak “Han zeuden…”, 4 urtekoak “Ja,ja,ja elefantea da!” eta 5 urtekoek “Katukiak munduan”, proiektuei eman zieten hasiera, aurretiko jarduera bat burutuz (eskulanak, antzerki txikiak, dantzak…). Aurkezpenaren ondoren, sabanan erdiratu eta ikertzaile bihurtuta, animalia desberdinak aztertu ditugu. Horretarako, gure oinarria Gardner-en zortzi gaitasunak izan dira, gaia abiapuntutzat hartuta, umeen alderdi guztiak landuz eta estimulatuz.

Proiektuari merezitako bukaera eman genion denak batera festa handi baten bidez. Eskolako familiek, mozorro dotoreak prestatu zizkiguten eta kolore eta musikaz alaitu genituen Beasaingo kaleak, ikasitako eta sortutako zein etxetik ekarritako guztiarekin, gure eskolako pasa-lekuak benetako oihana ziruditela.

Oso ondo pasatzeaz gain, asko ikasi dugu oraingoan ere!