"Zentzumenen tailerra"

Umeak eskolara egokituta eta udazkeneko giro honetan murgildurik, “GURE GORPUTZA” izan da azkeneko aste hauetan landu dugun gaia.

Honela, ipuin, abesti eta olerkiak oinarritzat harturik, gure gorputzeko atal desberdinak identifikatzen hasi gara. Hala ere, ikasteko sentitu ere egin behar dela argi dago eta atzo, azaroaren 26ean, “ZENTZUMENEN TAILLERRA” antolatu genuen gure txikienekin.

Bost taldeetan banatu genituen hiru geletako ikasleak nahastuz eta honela, laguntxo zein irakasle berriekin hartu emanetan ibili ziren txikitxoak gustura. Talde bakoitzak zentzumen baten izena hartu zuen eta taldekideek zentzumen horri erreferentzia egiten zion koilarea zeramaten lepotik zintzilik.

Dastamenaren txokoan, sentsazio gazi gozoak esperimentatu genituen gatza eta azukrea dastatzen eta beroa eta hotza bereizten ere, denbora tarte bat eman genuen. Sudurreko mukiak ondo o kendu eta usai txarra zein gozoa zituzten gauzak usaintzen aritu ginen tartetxo batean eta inoiz bere gorputza garbitu nahi ez duen “Jon Zikin”-en ipuina ere kontatu genuen. Hirugarren txokoan, testura desberdinen bidean murgildu ginen, gauzak ukituz eta sentituz. Begiak zabal zabalik eta iluntasunean barneratuta, ipurtargiaren argia jarraitu genuen gerora argi horrek forma desberdinak erakusten zizkigula. Gainera, mundua bestelako koloreetan nola ikusten den ere probatu genuen. Azkenik, entzumena estimulatuz, animalia desberdinen soinuak asmatzen ibili ginen eta gelan ezkutatutako iratzargailuak non zeuden asmatzen komeriak ibili genituen. Tailerrari amaiera emateko, perkusiozko instrumentuak erabiliz, “Paristik datorren” abestia interpretatzen saiatu ginen…

Esperientzia eta sentsazio anitzez betetako eguna… PRIMERAN IBILI GINEN!