Back

«Denak gara baliotsuak gure ezberdintasunekin»

Nola ikasten duzu? galdera sinplea iruditu arren, ez da batere erraza bere erantzuna. Planteatu al duzu inoiz zerk laguntzen dizun ikasketetan, zertan zaren ona, nola hobetzen duzun zure ezagutza, zer ikasi dezakezun besteekin batera… galdera asko bai, baina funtsean, hasieran egindakoaren berdinak dira. Galdera horri erantzun nahian ere, Beasaingo La Sallen, La Salle sareko beste ikastetxeekin batera, Ikaskuntarako Testuinguru Berria sortzen ari dira azken lau urteetan etapa desberdinetan. Gutako bakoitzak interes, zaletasun eta ikasteko modu ezberdinak ditugula kontuan izanik, ikaskuntza erreztuko duten testuinguru ezberdinak sortu nahi dira. Esaterako, harrerak, mintegiak, proiektuak, taillerrak eta itxierak ikasteko eremuak bihurtzen dira, bere lantzeko modu bereziarekin. Badira ikasle batzuk hobeto moldatzen direnak proiektuetan, beste batzuk mintegietan… azken finean bakoitzak bere ikasteko modua arakatzeko eta garatzeko aukera du.

Eta zertan datza DBHn ITB? nola lantzen da? galdera hau egin diogu Inge Irazustabarrenari, etapa honetako koordinatzaileari:

Ebaluazio bakoitzean egitura berdina mantentzen da. Bi astetan zehar arloka egiten da lana eta hurrengo bi asteetan proiektu baten inguruan. Hasierako bi aste horietan, oinarrizko kontzeptuak lantzen dira. Ikasten ikastea da helburua. Proiektuak garatzen direnean berriz, gai bat ardatz harturik, ikasgai ezberdinek euren ikuspuntutik lantzen dute gai hori, arloen arteko konexioak eginez. Eta momentu horretako helburua egiten ikastea da. Bukaerarako azken produktu bat sortu behar dute ikasleek eta hau lortzeko, pertsonen arteko erlazioa eta elkarlana behar-beharrezkoak dira bai ikasleen artean eta baita irakasleen artean ere, koordinazio asko eskatzen baitu. Amaieran, besteen aurrean azaldu behar dute, ikasi dutena eginez.

Hobeto ulertzeko, DBHko 1go mailako ikasleek abenduan egindako proiektua aurkeztuko dugu. «Diversity» du izena eta aniztasuna izan da jorratu duen gaia. Izenak dioen bezala, helburu nagusia aniztasuna onartzea eta sustatzea da, gizakien garapenerako funtsezkoa delako. Gaia garatzeko 4-5 ikaskidez osatutako taldeetan aritu ziren lanean. Beste lan batzuen artean, naturan ikusgaitzak diren piztiak sortu zituzten. Horretarako, ezaugarriak definitu eta partaideen izaerekin bat egiten zuen ornodun bat diseinatu zuten, behar zuten informazio guztia erantsiz: ezaugarriak, balioak eta berezitasunak. Diversity proiektuan murgilduta egon diren DBH 1eko ikasle batzuei zenbait galdera egin dizkiegu, beraien ikuspuntuak azal ditzaten.

Zein izan da proiektu honen helburua?

«Dian Fossey zoologaren lana oinarri hartuta, aniztasuna zer den ikastea. Baina dibertsitatearen kontzeptua ulertzea, zentzu zabalean, ez izaki bizidunen eta ekosistemetan duten balioaren ikuspuntutik bakarrik.

Horretarako, kanpaina bat egin dugu Instagramen, beasaindarrak eta gizartea aniztasunaren garrantziaz jabetzeko. Stori hauek egunaren bukaeran sortu ditugu ikasleok, egunean zehar ikasitakoa publikatuz eta prodiversity traola erabiliz.».

Zer egin behar izan duzue helburu hauek lortzeko?

«Helburu hauek lortzeko, ikasle talde bakoitzak piztia bat sortu behar izan dugu eta piztia horren informazioa fitxa batean jaso. Fitxa hau euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez prestatu dugu, ahalik eta jende gehienak irakurri ahal izateko. Bertan, piztiaren deskribapena jarri dugu, biologia-geologia ikasgaian landutako ezaugarriak (ze ornodun motatakoa den, barne-eskeletoa, gorputz adarra nolakoa daukan, bere ugalketa mota, arnas aparatua, nerbio-sistema, odol-zirkulazioa, digestio aparatua…), piztiaren habitata zein den (klima…) gizarteko ikasgaian landutako informazioarenl aguntzaz, erlijioko eta etikako ikasgaiari esker landutako piztiaren baloreak (nolakoa den? argia, eskuzabala, langilea, umila…) eta garrantzitsuena, zergatik dagoen piztia hau desagertzeko arriskuan agertzen da».

Garrantzitsua al da aniztasuna zaintzea, bermatzea, gizakiaren eta planetaren etorkizuna bermatzeko?

«Bai, oso garrantzitsua da. Ez izaki bizidunok bizirauteko bakarrik. Gure artean ere denok desberdinak gara eta desberdintasun horiek errespetatu egin behar ditugu. Gainera, konturatu gara aniztasunak inguratzen gaituela: hizkuntza desberdinak erabiltzen ditugu, erlijio desberdinak ditugu, zaletasun desberdinak… eta aniztasun hau aberasgarria da guretzat, gizartearentzat».

Lanketa honen produktu finala Beasaingo herrian jarduera kolektibo bat aurrera eramatea izan zen, jolas bat egitea alegia. Talde ezberdinen piztien fitxetako QR-ak kokatu zituzten kaleetan zehar. Taldekideek, beti elkarrekin, mapa eta koordenadak erabiliz eta mugikorraren laguntzaz, QR-ak bilatu behar zituzten. Behin hauek aurkitutakoan, fitxako informazio guztia irakurri eta galdera zehatz batzuk erantzun behar zituzten, taldeko argazkia atera (bertan egon zirela ziurtatzeko) eta herriko plazara bueltatu behar ziren, egindako aurkikuntza balioztatzeko. Hori egin eta gero, beste piztia baten bila joan behar zuten, azkenean denak aurkitu arte. Ikasleek ordubete eman zuten gutxi gorabehera. Beasaingo kaleetan zehar jolasean eta denek beste taldeetan egindakoa ikusteko eta ikasteko aukerai zan zuten.

Zer pentsatua eman dezake proiektu hau ezagutzeak, gizartean gertatzen den errealitatea modu ludiko batean erakusten baitu. Gu ere, ikasle hauek sortutako piztien antzera, erabat anitzak gara, ezberdinak. Hortaz jabetzea, hori errespetatzen ikastea eta bere onurak baloratzea da Diversity proiektuak lortu nahi duena. Izaki bizidun bakoitza bere modura bakarra da, bere ahulezia eta berezitasunekin. Denok gara desberdinak eta beharrezkoak!