GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUEN LANKETA AGENDA 2030-EN ARDATZA IZANGO DA

Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna. AGENDA 2030.

Lehengo urtean, Eskola Agenda 21-ek “Eskola Jasangarria” ziurtagiriarekin saritu gintuen. Horrek suposatzen duen konpromisoarekin jarraituz, aurten ere, Garapen Iraunkorrerako Helburuen lanketa Agenda 2030-aren ardatza izango da gure ikastetxean. Lehengo urtean 15. helburua, “lehorreko ekosistemak”, aztertu genuen, inguruko basoei begira jarriz; aurten berriz,  “zelaiak, larreak eta landare itsutasuna” izango dugu aztergai.

Ostegunean, ikastetxeko eko-ordezkariak bildu eta aurtengo gaiaren berri izan zuten 2. DBH-ko SEIN-eko talde baten ahotik. Bertan, berdeguneak ezinbestekoak direla gure bizi-kalitatea bermatzeko eta hauen zaintzaren garrantziaz hitz egin genuen. Horrez gain, baratza eta inguruko belardietara hurbiltzeko aukera eduki genuen, hango lore eta landare desberdinak aplikazio baten bidez identifikatuz. 

Inguruko parke, larre eta berdeguneak bisitatzeko eta lanketa hau egiteko aukera ikasmaila guztietan edukiko dugu aurten, irakasle eta eko-ordezkarien laguntzaz. 

Bukatzeko, egindako lanketaren emaitzak eko-ordezkariek udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete 2022ko maiatzean ospatuko den udalbatzar berezian. Han, Beasaingo beste eskolekin batera, zelai, larre eta belardien egoera hobetzeko irtenbideak aurkeztuko dira, Udalari proposamenak luzatuz eta nork bere konpromisoak azalduz. 

Garapen iraunkorraren bidean, pausoak ematen jarraitzea denon ardura da, eta Udalaren zein herritarron inplikazioa ezinbestekoak ditugu!