Urteko lema

# 2018-2019 ikasturteko goiburuaren kartelaren azalpena:LA SALLE GARA”

Mundu osoko salletarrok data berezi bat gogoratuko dugu ikasturte honetan: 1719ko apirilaren 7a. Egun horretan, Salleko Joan Bautista hil zen Rouenen (Frantzia). Duela 300 urte hil zen gure fundatzailea, eta, orduz geroztik, Salletar Eskolak mundu osoan zehar hedatu dira. Gaur, familia handi bat da La Salle, ikaslez, Anaiez, irakaslez, familiez, ikasle ohiez, zerbitzuetako langilez, animatzailez, katekistez, entrenatzailez eta abarrez osatutakoa. GUZTIOK GARA LA SALLE.

Aurtengo kartelak ideia hori adierazi nahi du, hain zuzen: eskuinean, fundatzailearen aurpegia: iragana, bere pertsona eta lekukotasuna. Salleko Joan Bautistak esker onez ikusten du nola garatu den berak hasitako lana. Ezkerrean, karteletik irtenez bezala, gaur egun hark abiarazitako historiaren zati garenak, karisma horretatik bizitzera deituak sentitzen garenak eta salletar familiaren kide guztiak.

Guztiok gara protagonista: irakasten duen irakaslea, mundua aurkitzen duen ikaslea, hezkuntza-komunitatearen zati den familia, kirol-jardueretan parte hartuz aire zabalean hazten diren gazteak, musikan eta artean hazten direnak, naturan eta berrikuntza-proiektuetan hazten direnak…

La Salleko logoa, izarra duena, gure nortasun-sinbolo bat da, eta hirugarren mendeurrenaren logoak aurten ospatzen dugun urte berezia eta efemeride hori seinalatzeko Institutu osoak erabilitako goiburua ekartzen digu gogora: De La Salle 1719-2019. Bihotz bera. Konpromiso bera. Bizitza bera.

Kartelean, hainbat begirada mota bereiz ditzakegu, eta “HARANTZAGO BEGIRA” aldarrikapenarekin lotzen dira. Batzuek guri begiratzen digute, ikusle moduan; beste batzuk elkarrekin zerbait egiten ari dira; beste batzuek begiak itxita dituzte edo zerurantz begira daude, bihotzarekin eta Jainkoarekin bat egin nahian.

Bokazio-kulturaren ikuspegitik, pertsona bakoitzak hauxe galde dakioke bere buruari: zertara deituak sentitzen gara? Nola lotzen dira salletar karismak eskaintzen diguna eta nire bokaziozko erantzuna? Salletar sentitzen naiz? Zertan zehazten da nire erantzuna? Haur, gazte, heldu edo zahar izan, deia jasoko dut, Jainkoak beti deitzen baitu, egunero eta pertsona bakoitzari zehazki. 

Salleko Joan Bautista ere ageri da kartelean; zahartzaroaren zantzuak ikus daitezke haren aurpegian: 68 urterekin hil zen unea gogora ekarri nahi izan dugulako agertzen da horrela, baina La Salle ez dago hilda, bizirik jarraitzen du mundu osoan zehar bizi diren eta beren bizitzak premia handienak dituzten haurrak eta gazteak heztera zuzendu dituzten salletar guztien bihotzetan. Izan ere, horrelakoak egiten ditugunean, LA SALLE GARA:

  • Premia handienak dituztenengana hurbiltzen garenean eta gure bihotza ukitzen uzten diegunean.
  • Mundu hau hobea izan dadin konpromisoa hartzen dugunean.
  • Jainkoaren deia entzuten dugunean eta erantzuten diogunean.
  • Errealitatea oso iluna izan arren, fedez eta itxaropenez betetako begiekin begiratzen diogunean.
  • Bakarrik dagoena eta laguntza behar duena bihotzez hartzen dugunean.
  • Familia eta komunitate garenean.