GAUTENA Autismoaren Nahasmena duten pertsonen familien Elkartea da.
GAUTENAk ondorengo zerbitzuak eskaintzen ditu:
Diagnostikoa, tratamendu anbulatorioko zerbitzua, etxebizitza zerbitzua, eguneko zerbitzua, familientzako laguntza, aisialdi zerbitzua eta hezkuntza zerbitzua.
Elkartean dugun konpromiso etikoan oinarrituta, laguntza pertsonalaren kudeaketa bultzatzea da gure helburua; hain zuzen ere, Autismoaren Espektroko Nahasmena edo desgaitasun intelektuala eta garapen-desgaitasuna dituzten pertsonek eta euren familiek erabateko bizi-kalitatea lortzeko aukera izan dezaten, gizarteratzearen alde egiten duen gizarte honetan.
GELA EGONKORRA
Autismo Espektroaren Nahasmenak eta Garapenaren Nahaste Orokorrak dituzten ikasle batzuen hezkuntza-premia bereziak kontuan hartzen dituzten gelak dira.
Ikastetxean integraturiko espazio fisiko propioa daukagu, bertako ikasleek behar duten arreta indibidualizatu eta berezia eskaini ahal izateko.
Gela egonkorrean, izenak adierazten duen moduan, inguruaren eta hezitzen dituzten langileen egonkortasuna eta beharrezko dituzten baliabideen koordinatze egonkorra eskaintzen zaizkie.
Gure eskolan momentu honetan bost ikaslek erabiltzen dute zerbitzu hau. Horiekin batera, lau profesional egoten dira gelan: irakasle eta hezitzaile bat eta bi laguntzaile.
Ingurune normalizatu batean, hau da, ohiko ikastetxeetan kokatuta egoteak, ikasleen inklusioa du helburu.
INTEGRAZIOA
Nahiz eta Gela Egonkorrean ordu gehienak eman, egunean zehar, zenbait momentutan, eskolako gainontzeko ikasleekin ere egoten dira. Esaterako: patioan, jangelan, eskolako jaialdietan…
Horrez gain, eta ahal den neurrian, gela arruntean burutzen diren saio ezberdinetan parte hartzen dute. Hala nola: musika, gorputz hezkuntza edota arte hezkuntzako ikasgaietan.
Aipatutako honen helburu nagusia berdinen arteko harremana sortu eta bultzatzea da. Era honetan, integrazioari garrantzia emanez eta ikasleek gizartearen parte izateko dituzten beharrak eta eskubideak errespetatuz.
Gela arrunteko ikasleen jarrera oso ona izaten da eta ekintza honek behar bereziak dituzten ikasleak onartu, ulertu eta errespetatzen ikasteko bidea irekitzen die.
Ikastetxeko ikasleekin alderantzizko inmersioa ere egiten da, hau da, gela arrunteko ikasleek talde txikian Gautenako gelara bisitak egiten dituzte.